HAUR HEZKUNTZA: KABI PROIEKTUA

Aurkezpena:

Haur Hezkuntzarako KABI proiektuak bat egiten du Ikastolok, urteetan zehar, elkarlanean eraikitzen eta hobetzen joan garen Ikastola ereduaren nortasun ezaugarri bereizgarriekin.

Metafora baten bidez azalduko dugu, labur, ikastolara datorkigun haurrari buruzko ikuskera, eta zer hartu behar dugun kontuan bere garapena lantzeko dimentsio eta alderdi guztietan.

Ernetzen ari den hazia da haurra. Berez dakar landare bihurtzeko behar duena; lurrean zabaldu eta berez joango litzateke hazten. Baina hazi horri lur egokia, eskatzen duen ura, behar eguzkiaren beroa eta argia eta hobeto hazteko ongarria ematen bazaizkio, landare horrek berak dakarren lorea emango du. Hortaz, hazi bakoitzaren beharrei erne egon behar dugu: berak adieraziko digu noiz behar duen ura eta zenbat ur behar duen ez itotzeko, noiz behar duen berotasun handiagoa edo noiz ari den erretzen, noiz dagoen aseta, bapo, gustura.

Garrantzitsua iruditzen zaigu haurrak, txiki-txikitatik, hainbat gaitasun dituen pertsona dela ulertzea; ohartzea eta onartzea haur bakoitzak bere singularitatea duela; barneratzea haurra bera dela bere garapenaren protagonista, garapen-testuinguru aberatsa eta segurua eskainiz gero, haurrak berak gaitasuna daukala osasuntsuki garatzeko, norbera bere erritmoan, bere esperimentatzeko grinetik.

Haurren garapen-ahalmenean eta garapen horretan euren ekintza autonomoek duten balioan sinesten dugu, eta sinesmen horrek gure esku hartze pedagogikoa birpentsatzea eta aldatzea eskatzen du: haur guztien garapen osasuntsua ardatz hartu eta hori bermatzeko haiei eskaintzen diegun hezkuntza testuinguruaren (helduak, espazioak, denbora eta materialak barne) etengabeko azterketan oinarritutako berrikuntza alegia.

Nabarmendu nahi genuke Haur Hezkuntzak duen garrantzia pertsonaren garpenean; izan ere, urte horietan zehar izandako esperientziek haurtzaroko eguneroko bizitza baldintzatzeaz gain, bere etorkizuneko bizitzan eragin zuzena izango dute. Hau da, haurraren eta etorkizunean izango den helduaren bizitza, hein handi batean, haurtzaroan izandako esperientzien araberakoa izango da. Horregatik, familiarekin lankidetzan, haurraren garapen osoa bideratzea da hezkuntzaren lehen etapa honen xede nagusia.

Xede horren lorpenerako, ezinbestekoa deritzogu aitortzeari, haurrak bere iniziatibaz sortutako ekintzan aritzeak, bere garapenari eskaintzen dion funtzio eraikitzaile eta elaboratzailea.

Aitorpen horrek tradiziozko haurraren garapenari buruzko ikuspegia berrikusi eta aldatzera eraman gaitu, hau da, haurra ulertzeko modua aldatzera.

Haurraren garapen osoaren ikuspegitik, haurra ulertzeko moduaren oinarrizko printzipio metodologikoak dira ondorengoak:

  • Errespetua izan behar diogu haurraren izate osoari. Bizitzako lehen unetik pertsona aktiboa, bizia, sentikorra eta harbera dela kontutan hartuz eta bakoitzaren garapen-erritmoa errespetatuz.
  • Konfiantza izan behar dugu haurraren berezko garapen-ahalmenean, bere jarduera autonomoa ahalbidetu eta errespetatuz, prozesuak ez aurreratuz eta haurra bere bizitzako protagonista dela onartuz.
  • Haurraren ziurtasun fisikoa eta emozionala bermatu behar dugu, mugimendu eta ekintza autonomo librean garatzeko behar dituen baldintzak eskainiz eta bere beharrekiko sentikortasuna adieraziz.

Bere gogo, plazer, interes eta beharrizanetatik abiatuta dauden jarduera eta ekintza autonomoak dira haurren ikaskuntza eta garapen psikomotor, afektibo, sozial zein kognitiborako oinarri.

Horregatik ematen diogu garrantzia ekintzan oinarritutako ikaskuntzari. Ekintzan joaten baita haurra deskubritzen zer estrategia erabili gero eta autonomoagoa izateko, sozializatzeko, etab. Eta, ondorengo beste ekintza batean integratzen ditu aurrez eskuratutako ikaskuntzak: konpetente izateko urratsak ematen ditu horrela.

Beste modu batera esanda, bizitzarako prestatzen joateko duten garrantziagatik hezkuntzaren zutabe diren oinarrizko konpetentzia orokorrak garatzen joateko urratsak ematen ditu.



kalitate egitasmo integratua Bai Euskarari Kiva Ikastolen Elkartea Pentacidad