HIZPRO

Zer da?

XXI. mendean ongi kokatu nahi duen eskolak bere planteamenduak eguneratu behar ditu, gizarteko aldaketa sakonei era eraginkorrean erantzuteko.

Aldaketa horien artean, hizkuntzarekin zerikusia duten prozesuek berebiziko garrantzia dute ikastolontzat. Euskararen indarberritzea dugu ardura nagusi, eta, horrekin uztartuz, globalizazioaren gizarte eleaniztunean bizitzeko prestatu behar ditugu gure ikasleak, euskaran eta euskalduntasunean ardaztutako hezkuntza eleaniztun garatu behar dugu.

Nola lortu, ordea, hori dena?

Duela zenbait urte jarri zuen martxan Iñigo Aritzak HIZKUNTZA PROIEKTUA (HIZPRO) ikastolan lantzen diren hizkuntzak kudeatzeko, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean. Horrela , diagnosia abiapuntu, ikusitako beharrei egoki erantzun ahal izateko xedeaz hasi zen zehazten eta gauzatzen aipatutako proiektua.

Iñigo Aritzak eleaniztasunaren aldeko apustua aspaldi egina du. Baina argi du, halaber, beste hizkuntzak ikasteko abiapuntu nahiz eremu guztietan erabiltzeko lehen komunikazio tresna ere EUSKARA izan behar dela. Hori horrela izaki, proiektu bat derrigorrezkoa zen behar horiei egoki erantzuteko eta horretara dator Hizkuntza Proiektua.

Zein edo zeintzuk dira Hizkuntza Proiektuaren helburu nagusiak?

Landuko diren hizkuntzak Europako Erreferentzia Markoak proposatutakoa aintzat hartuz , euskara eta gaztelania B2 mailan eta ingelesa B1 mailan lortu beharko lituzkete Iñigo Aritzako ikasleek. Beste alde batetik, hizkuntzen lanketan ildo metodologiko bera erabili behar da: hizkuntza batean ikasten dena ez dago beste hizkuntza batean ikasi beharrik. Hau da, hizkuntzek elkarren osagarri izan behar dute irakaskuntzaren alorrean eta, horregatik, gaztelaniaz ikasitako kontzeptuak ez ditu ikasleak euskaraz edo ingelesez landu behar. Ikuspegi metodologiko horri erantzuteko integrazioaren pedagogiaren irizpideetatik eta ikuspuntutik egiten dugu  lan.

Zein paper betetzen du euskarak Hizkuntz Proiektuan?

Iñigo Aritza ikastolaren nortasunaren adierazgarri da EUSKARA eta HIZPRO-ren egitekoa da gure hizkuntza erakunde eta komunitate osoaren komunikazio barne eta kanpo harremanetarako tresna bihurtzea eta, horretarako, kide guztiak (guraso, irakasle, langile eta ikasle) elkarlanean eginkizun horretan parte hartzea eta konprometitzea bultzatu behar ditu proiektuak.

HIZKUNTZ PROIEKTUA, honenbestez, bereganatu eta indar eta kemen osoz bultzatu eta garatuko du Iñigo Aritza ikastolak.

Loturak

EUSKARAZ BIZI

Euskal Herrian, normalizazio bidean aurreratu nahi bada, eguneroko bizitzan, eskola eremuan zein norbanakoen harremanetan GURE IKASLEEK EUSKARAREN HAUTUA EGIN DEZATEN nahi badugu, hainbat estrategia eta baliabide eskaini beharra dugu. Horrexetarako sortu zen Euskaraz Bizi, eta horretantxe dihardu: euskararen aldeko etengabeko kinadak eginez, euskararen aldeko jarrerak sistematikoki landuz (material egokia hautatuz eta hilero-hilero era progresiboan landuz), norbanakoaren subjektibitatean era gozoan eta sistematikoan eraginez eta euskaraz hitz egiteko ohiturak sendotuz, horretarako gure ikasleen komunikazio beharrak bete ahal izateko erabilera esparruak zabalduz.

Hizkuntz proiektua

Ikastolen Hizkuntza Proiektuaren helburua euskaran eta euskalduntasunean ardazten den eleaniztasuna garatzea da. Hartara, Hizkuntza Proiektua ikastolan lantzen diren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzari eta erabilerari dagozkien alderdiak biltzen dituen eta haien trataerari koherentzia ematen dion egitasmoa da. Egitasmo integrala da, eta Ikastolaren eremu guztietan -- ikaskuntza-irakaskuntzan, eskola-komunitatearen harremanetan, eta Ikastola txertatuta dagoen gizarte hurbilekiko harremanetan-- eragiten du.

Ikastolen Hizkuntza Proiektuak, beraz, bi esku-hartze eremu nagusi ditu:

  • Ikastolako eremu pedagogikoa: eremu honetan hizkuntzaren garapenean eragina duten irakaskuntza eta ikaskuntza prozesu guztiak biltzen dira eta, horiez gain, xede pedagogikoak dituzten eskolaz kanpoko jarduerak ere jasotzen dira.
  • Ikastolako eremu instituzionala: eremu honen barruan biltzen diren alderdiak ikastolaren eraketarekin eta gizarte-harremanekin lotuta daude, eta ikastolan nahiz ikastolatik kanpo hizkuntza gutxituaren erabilera sustatzeko eta babesteko helburua dute nagusiki.

Hizkuntza Proiektuak, beraz, bete-betean hartzen du bere baitan Ikastolaren Euskara Normalizazio Plana (HNP-Euskaraz Bizi) bai eta ikastolan lantzen diren hizkuntza guztien trataera bateratua ere. Hala, euskara ardatz duen eleaniztasunaren garapena era egokian bidera dadin ziurtatzeko, besteak beste, hauek izango dira langai nagusiak: hizkuntz plangintza eragingarria finkatzea ikastolan, hizkuntza bakoitzaren funtzioak eta espazioa zehaztuz; hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzan erabilitako ikuspegi eta metodologiak bateratzea eta hizkuntzen erabilera instrumentalaren eraginkortasuna curriculum osoan bermatzea.

Hizkuntza Proiektuaren funtzioak honako hauek dira: a) ikastolako eremu pedagogikoetan zein instituzionaletan gertatzen diren askotariko hizkuntz ekintzak aztertzea, eta b) sumatutako beharrei zentzuz erantzun ahal izateko era sistematikoan eta bateratuan bideratzea hezkuntza-komunitate osoaren elkarlana nahiz prestakuntza, irizpide komunetan oinarrituta.



kalitate egitasmo integratua Bai Euskarari Kiva Ikastolen Elkartea Pentacidad